Páginas

viernes, 22 de febrero de 2013

Euskadiko haur lapurtuak elkarrizketa hitza aldizkariarekin


hitza-ren artikulua

Memoriatik aldenduta

Azken aldian desagertu egin dira ustezko haur lapurreten gaineko albisteak komunikabideetatik. Irunen dagoen Euskadiko SOS Haur Lapurtuak elkartean, baina, salaketa berriak astero jasotzen dituzte.

Flor Diaz Euskadiko SOS Haur Lapurtuak elkarteko presidentea eta Susana Espi Gipuzkoako arduradunak Irungo bulegoan lan egiten dute, eta astero jasotzen dituzte dei berriak. (Arg.: Aizpea Amas)
Flor Diaz Euskadiko SOS Haur Lapurtuak elkarteko presidentea eta Susana Espi Gipuzkoako arduradunak Irungo bulegoan lan egiten dute, eta astero jasotzen dituzte dei berriak. (Arg.: Aizpea Amas)
Hilabeteetan lehen planoan egon ostean, egun batetik bestera, beraiek salatzen dituzten kasuen antzera desagertu dira komunikabideetatik haur lapurtuen auziari dagozkion albisteak. Euskadiko SOS Haur Laputuak, ordea, lanean jarraitzen du, eta astero jasotzen dituzte seme-alaba, anaia edo arreba lapurtu dieten susmoa dutenen telefono deiak.
Elkarteak Irunen duen bulegoan geratu dira Flor Diaz presidentea eta Susana Espi Gipuzkoako ordezkaria Oarso Bidasoko Hitza-rekin hitz egiteko, eta bitartean, Calahorrako (Errioxa, Espainia) emakume baten deia jaso dute bere kasua azalduz.
Haur lapurtuen auzia hilabete batzuen buruan egunkari eta albistegietatik kanpo geratu da. Isilik. Diaz eta Espi ere konturatu dira horretaz. Krisia eta ustelkeria kasuek indarra hartu dutela esan dute, eta normaltzat jo dute, baina tartean Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak eta Francisco Etxeberria medikuaren adierazpenek ere eragina izan dezaketela onartu dute.
Calparsorok haurrak lapurtu zituztela adierazten duten frogarik ez dutela aurkitu esan zuen, eta umeak osteko sare antolaturik egotea ukatu zuen. Francisco Etxeberriak, berriz, hilobietan haurrak ez agertzearen harira, jaioberrien hilotza denboraren poderioz desagertu daitekeela adierazi zuen.
Calparsororen adierazpenen harira, fiskaltzak egindako ikerketa eskatu zuten azaroan, eta behin aztertuta, hankamotz geratu dela iritzi dio Euskadiko SOS Haur Lapurtuak elkarteak, mediku, emagin eta ospitaletako langileen testigantzetan bakarrik oinarritu dela iritzita. “Gure galdera da mediku eta emaginen testigantzak horren baliotsuak badira, zergatik ez dira maila berekoak ama, aita eta anai-arrebenak?”, adierazi du Diazek. Horrez gain, galdera ugari oraindik erantzuteke geratu direla esan du. Hala nola, zergatik ez diren umeak hilerriko erregistroan agertzen. Bestalde, adopzio partikularrak ez dituztela ikertu azaldu du.
Calparsoroz gain, Francisco Etxeberriaren hitzek ere kritika ugari jaso izan dituzte haurrak lapurtu zituztela defendatzen  dutenen artean. “Ez dute inongo oinarririk”, Diazen arabera: “Hilobia ireki zutenean [Losa-Ocariz familiarena]  Noticias de Gipuzkoa-ri egindako adierazpenetan esan zuen arrastoak egon behar dutela, gutxienez, hortzak. Gero kontrakoa esan zuen”. Zentzu horretan, elkartea k auzitegiko mediku gehiagorengana jo duela azaldu du, eta eman dizkien txostenetan ere “bakar batek ere” Etxeberriak esandakoarekin zerikusirik ez duela izan adierazi du.

Fiskaltzaren ikerketan familien testigantzak falta direla salatu du elkarteak

Halaber, adierazpen horiek elkartean ez dutela eraginik izan esan du, baina iritzi publikoan sinetsiko dionik izango dela onartu du, “batzuek bai eta besteek ez”.
Salaketak, artxibatzera
Bien bitartean, ordea, salaketa gehiagoren berri izaten jarraitzen dute elkartean, Calahorrakoa kasu. Diaz zein Espik entzun eta jarraitu behar dituzten pausoak zeintzuk diren zehazten dizkiete, baina hasieratik argi uzten diete salaketak ziurrenik artxibatuta bukatuko duela.
Froga falta da horren arrazoi nagusia, baina gutxi batzuk badaudela esan dute. Hala, irregulartasunak ikusi dituztela salatu dute, eta kasu askotan mediku txostenak ez datozela bat erregistro zibilean biltzen denarekin. “Erregistro zibilean umea hilda dagoela azaldu izan da, eta data horretatik aurrera umeen datuak dituzten aktak agertu dira”.
Diazen arabera, artxibatzerakoan ere askotan aintzat hartzen duten froga bakarra hileta ziurtagiria izaten da, “baina ziurtagiri hori faltsua izan daiteke. Zergatik ematen zaio horrenbesteko garrantzia ziurtagiri horri hilotzik ez badago?”. Haatik, abortuarekin lotutako txosten batzuk ere aurkeztu dituztela esan du, haurra hilda jaio dela, baina handik 31 ordura bizirik zegoela egiaztatzen dutenak. “Horiek ez badira frogak, zer nahi dute?”.
Ustezko adopzio horien azkartasuna ere zalantzan jarri du Espik: “Sinetsi behar dugu ama horiek bederatzi hilabeteko haurdunaldia pasatzen dutela, eta bitartean adopzioan pentsatu badute, ez direla inongo bitartekarirekin harremanetan jarriko (diputazioa kasu)? Eta erditzen dutenean erabakitzen al dute ume hori adopzioan ematea?”.
Zentzu horretan, haur lapurtuen auzia ikertzea da euren eskaera bakarra. Hainbat batzorde sortu dira, Eusko Jaurlaritzakoa kasu, baina Losa-Ocariz familiaren hilobia atera zutenean soilik jarri zirela elkartearekin harremanetan esan du Diazek, eta hor bukatu zela dena: “Argazkia atera zuten, eta hemen jarraitzen dugu guk lanean, lehenengo egunean bezala”.
Gipuzkoako Foru Aldundia ere kritikatu dute Aranzadiri ikerketa bat egiteko eskatzearen haritik. Hala ere, aldundia bitartekari gisa eduki duten adopzioak gutxi izan zirela azaldu du elkarteak, eta “adopzio partikularrak” ikertu behar direla adierazi du. “Aldundiaren bidez egindakoak legalagoak izan ziren, eta espedienteren bat egon daiteke, baina adopzio partikularretan gurasoen izenak ezezagunak izaten dira, eta mediku eta mojek bakarrik jakin zezaketen. Nork ikertuko du hori?”, galdetu du.

Francisco Etxeberriak esandakoarekin beste auzi medikuek ez dutela bat egin esan du

Azken hilabeteetan ere ez dute hilobirik ireki Hego Euskal Herrian. Orain arte sei ireki dituzte bide ofizialetik, eta hirutan ez dute giza arrastorik topatu. “Ez dituzte hilobi asko irekitzen, guri gustatuko litzaiguke gehiago irekitzea, eta behingoz jakin zer gertatu den”, azaldu du Diazek. Gaineratu du ama gehienak gorpua hor egoteko desiratzen egoten direla. “Horrela badakite ez dutela gehiago bilatzen ibili beharko”.
Bide berriak
Erakundeek ikertzeko “gogo falta” dutela iritzita, bide berrietara jotzea erabaki du Euskadiko SOS Haur Lapurtuak-ek. Batetik, frankismo garaiko genozidioa auzitara eramango duten bi abokatu argentinarrengana jo du elkarteak, eta ustezko haur lapurtuen kasuak ere eransteko eskatu die.
Horrez gain, asteartean, Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Justizia ministroarekin bilera bat egingo dute Madrilen, eta bertan,  artxibatutako salaketa guztiak berriro irekitzeko eskatuko diote.
Azkenik, ustez lapurtutako haurren errolda bat egiten ari dira Genevara eramateko. Azken xedea, Estrasburgora heltzea dela esan du Diazek, “giza eskubideak direlako urratu direnak”.
Diazen arabera, erroldarena  Espainiaren araudi batetik dator. “Espainiak berretsi zuen hitzarmen bat pertsona bat desagertuko balitz edo desagertu den susmoa egongo balitz protokolo bat martxan jarri beharko litzatekeela”. Haatik, Soledad Becerril Espainiako Herriaren Defendatzaileak salaketarik  ez zaiola iritsi  esan duela eta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan biltzen dituzten salaketa guztiak bidaliko dizkiote.
Ekimen horrekin bat egin dute Espainiako Estatuko elkarteek ere. Salaketen bilketa baliatuz, errolda hori giza eskubideen Nazio Batuen Elkarteko bulegora eramango dute. Diazen arabera, “ahalik eta lasterren” egin nahi dute hori, “horregatik jendeari eskatzen diogu tramite hori egiteko”. Horretarako, elkartearekin harremanetan jarri behar da.

Salaketa, artxibatuta

Alaba eta semea lapurtu zieten susmoarekin salaketa jarri dute Vieira eta Uriak, baina artxibatu dute

Antonio Vieira eta Karmele Uria errenteriarrei kasua artxibatu diete
Antonio Vieira eta Karmele Uria errenteriarrei kasua artxibatu diete
Salaketak artxibatuta bukatu du Antonio Manuel Vieira eta Karmele Uria errenteriarren kasuan. Urte bukaeran jaso zuten biek jakinarazpena, eta urteetan susmoa gainean eraman ostean, alaba eta semea aurkitzeko itxaropena sortzearekin batera, berriro ateak itxi zitzaizkiela sentitu dute.
Duela bi hilabete jakin zuen Vieirak bere alabaren kasua artxibatu zutela. Ez du etsi eta orain errekurtsoa jarri du, eta DNA probak ere egin dituztela jakinarazi du alaba aurkitzeko esperantzarekin.
1981an jaio zen, medikuen esanetan, hilda. Vieiraren arabera, ez zioten gorpua erakutsi, eta umearengatik galdezka ibili zen ospitalean, baina ez zioten erantzunik eman. Handik Donostiako hilerrira jo zuen, “baina hor ez zen sartu, ez dago bere arrastorik”.
Ustezko ume lapurtuen kasuak hasi zirenean, SOS Haur Lapurtuak elkartearekin harremanetan jarri zen Vieira, eta duela urtebete inguru jarri zuen salaketa. «Orain, kasua artxibatu arren, borrokan» jarraitzeko asmoa duela adierazi du.
Hilabete aurretik jaso zuen abisu bera Uriak. Bere semea 1975eko abuztuaren 14an jaio zen Donostia ospitalean.  Erditzea aurreratu behar izan zioten, baina semea ondo jaio zen. Uriaren arabera,  ama eta semea ondo zeudela bildu zuten txosten horretan. Senarrari, ordea, erresidentziara eramango zutela esan zioten, proba batzuk egitera. “Abuztuaren 14ko 19:00etan izan zen, eta hurrengo egunean nire senarrari deitu zioten esateko umea hil zela”.
Beti geratu izan zitzaion haurra lapurtu zioten susmoa, eta duela bi urte Antonio Barrosoren kasua agertu zenean, salatzea erabaki zuten.

Orain, alabaren kasua artxibatu arren, borrokan jarraitzeko asmoa dut”

Erregistroan ez zuten ezer aurkitu, eta hil zen orduan bezalako irregulartasunak ere topatu zituzten. Susmorik handiena, ordea, erresidentziatik lortu zuten agiri bat izan zen. Bertan umearen datuak hilaren 17ra arte daude bilduta (tenperatura, pultsazioak…) nahiz eta, medikuek hilaren 15ean hil zela esan zioten: “Hiru egunez kontrolatzen aritu baziren, nola da posible hilaren 15ean hiltzea, bi egun aurretik?”.
Froga horiek aurkeztu arren, azaroan jakin zuen kasua artxibatu ziotela. Oraingoz, ez du errekurtsorik jarri, baina borrokan jarraitzeko asmoa agertu du Uriak. Bitartean, DNA probak egiten ari direla azaldu du. Dagoeneko, hiru egin dituzte, toki gehiagotan egonda, semea errazago aurkituko duten itxaropenarekin.
Hala eta guztiz ere, beste aldeak eman behar duela pausoa gogorarazi du Uriak, eta hori gogorra izaten dela. Gainera, askotan ezjakintasuna egon daitekeela atzean iritzi dio: “Litekeena da berari eman dizkioten paperak aldatuta egotea, nahiz eta beraiek uste dena legalki egin dela”.

Semea hiru egunez kontrolatzen arituta, nola da posible bi egun aurretik hiltzea?”

Zentzu horretan, adopzio partikularrak egin dituztenen kasuan DNA probak egitera anima daitezela eskatu diete bai familiek baita Euskadiko SOS Haur Lapurtuak elkartetik. Proba hori 60 eurorengatik egin daiteke, eta elkartean bertan emango diete informazio guztia.
Kontuan hartzeko eskatu die Flor Diaz Euskadiko SOS Haur Lapurtuak elkarteko presidenteak, familiek bakarrik haurrak hilda ez daudela entzun nahi dutela: “DNA utzi eta euren aldetik zerbait jartzea eskatzen diegu. Familiarengandik ez badute ezer jakin nahi ere, jakin dezatela ez daudela behartuak ezagutzera, amak bilaketa utzi eta deskantsatzeko egin dezatela”.

57

Salaketa. Euskadiko SOS Haur Lapurtuak elkartean, Oarsoaldean eta Bidasoan haurra lapurtu dieten susmoa duten 57 familiren salaketak jaso dituzte: Hendaiatik lau, Hondarribitik beste lau, Irundik 22, Lezotik hiru, Errenteria-Oreretatik hemezortzi, eta Oiartzundik sei.

Elkarretaratzea hilean behin egiten dute Donostian

Hilabeteko lehenengo larunbatean elkarretaratzea egiten du Euskadiko SOS Haur Lapurtuak elkarteak Donostian. Artzain Onaren katedralaren aurrean elkartzen dira, eta hortik udaletxerainoko bidea egiten dute. Hurrengoa, beraz, hurrengo larunbatean, martxoaren 2an izango da, 17:00etan.

@sarean

Gipuzkoako SOS Haur Lapurtuak ere sarean dago: sosbebesrobadosgipuzkoa.org. Bertan aurki daitezke zenbait argibide susmoren bat edukiz gero zein pauso eman diren, baita zenbait informazio ere. Horrez gain, elkarteren  beraren informazioa ere eskura daiteke.

87

Kasu artxibatuta. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 195 auzietatik 87 artxibatu dituzte azarora arte. Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiaren arabera, ez dute frogarik aurkitu haurrak lapurtu zituztela adierazten dutenik. Ukatu egin du umeak osteko sare antolaturik dagoenik.

Susmoak edukiz gero zein pauso eman behar dira?

Familia batek haurra lapurtu dien susmoa badu, sei pausu eman behar direla aurreikusi du SOS Haur Lapurtuak elkarteak: erregistro zibilera jo, umea jaiotako ospitalean historia klinikoa eskatzea, hilerrian lurperatutako ziurtagiria eskatzea, salaketa jartzea, DNA probak egitea eta hilobia irekitzea.

Haurren lapurreten frogarik ez du ikusi Etxeberriak

Francisco Etxeberria auzitegi medikuak ezinezkotzat jo du umerik lapurtzea erietxeetan, eta gorpuak berez desagertu ahal izan direla esan du, denboraren poderioz. Ospitaletako arduradunek ere umeak lapurtzea “erabat ezinezkoa” zela esan dute eta erabateko sinesgarritasuna eman diete mediku txostenei.

2

Telefono zenbaki. Euskadiko SOS Haur Lapurtuak elkartearekin harremanetan jartzeko 943 57 71 82 edo 667 53 66 74 telefono zenbakietara deitu behar da. Flor Diaz elkarteko presidenteak edo Susana Espi Gipuzkoako ordezkariak hartuko dute deia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario