Azken aldian desagertu egin dira ustezko haur lapurreten
gaineko albisteak komunikabideetatik. Irunen dagoen Euskadiko SOS Haur
Lapurtuak elkartean, baina, salaketa berriak astero jasotzen dituzte.
Flor
Diaz Euskadiko SOS Haur Lapurtuak elkarteko presidentea eta Susana Espi
Gipuzkoako arduradunak Irungo bulegoan lan egiten dute, eta astero
jasotzen dituzte dei berriak. (Arg.: Aizpea Amas)
Hilabeteetan lehen planoan egon ostean, egun batetik bestera, beraiek
salatzen dituzten kasuen antzera desagertu dira komunikabideetatik haur
lapurtuen auziari dagozkion albisteak. Euskadiko SOS Haur Laputuak,
ordea, lanean jarraitzen du, eta astero jasotzen dituzte seme-alaba,
anaia edo arreba lapurtu dieten susmoa dutenen telefono deiak.
Elkarteak Irunen duen bulegoan geratu dira Flor Diaz presidentea eta
Susana Espi Gipuzkoako ordezkaria Oarso Bidasoko Hitza-rekin hitz
egiteko, eta bitartean, Calahorrako (Errioxa, Espainia) emakume baten
deia jaso dute bere kasua azalduz.
Haur lapurtuen auzia hilabete batzuen buruan egunkari eta
albistegietatik kanpo geratu da. Isilik. Diaz eta Espi ere konturatu
dira horretaz. Krisia eta ustelkeria kasuek indarra hartu dutela esan
dute, eta normaltzat jo dute, baina tartean Juan Calparsoro EAEko fiskal
nagusiak eta Francisco Etxeberria medikuaren adierazpenek ere eragina
izan dezaketela onartu dute.
Calparsorok haurrak lapurtu zituztela adierazten duten frogarik ez
dutela aurkitu esan zuen, eta umeak osteko sare antolaturik egotea ukatu
zuen. Francisco Etxeberriak, berriz, hilobietan haurrak ez agertzearen
harira, jaioberrien hilotza denboraren poderioz desagertu daitekeela
adierazi zuen.
Calparsororen adierazpenen harira, fiskaltzak egindako ikerketa
eskatu zuten azaroan, eta behin aztertuta, hankamotz geratu dela iritzi
dio Euskadiko SOS Haur Lapurtuak elkarteak, mediku, emagin eta
ospitaletako langileen testigantzetan bakarrik oinarritu dela iritzita.
“Gure galdera da mediku eta emaginen testigantzak horren baliotsuak
badira, zergatik ez dira maila berekoak ama, aita eta anai-arrebenak?”,
adierazi du Diazek. Horrez gain, galdera ugari oraindik erantzuteke
geratu direla esan du. Hala nola, zergatik ez diren umeak hilerriko
erregistroan agertzen. Bestalde, adopzio partikularrak ez dituztela
ikertu azaldu du.
Calparsoroz gain, Francisco Etxeberriaren hitzek ere kritika ugari
jaso izan dituzte haurrak lapurtu zituztela defendatzen dutenen artean.
“Ez dute inongo oinarririk”, Diazen arabera: “Hilobia ireki zutenean
[Losa-Ocariz familiarena]
Noticias de Gipuzkoa-ri egindako
adierazpenetan esan zuen arrastoak egon behar dutela, gutxienez,
hortzak. Gero kontrakoa esan zuen”. Zentzu horretan, elkartea k
auzitegiko mediku gehiagorengana jo duela azaldu du, eta eman dizkien
txostenetan ere “bakar batek ere” Etxeberriak esandakoarekin zerikusirik
ez duela izan adierazi du.
Fiskaltzaren ikerketan familien testigantzak falta direla salatu du elkarteak
Halaber, adierazpen horiek elkartean ez dutela eraginik izan esan du,
baina iritzi publikoan sinetsiko dionik izango dela onartu du, “batzuek
bai eta besteek ez”.
Salaketak, artxibatzera
Bien bitartean, ordea, salaketa gehiagoren berri izaten jarraitzen dute
elkartean, Calahorrakoa kasu. Diaz zein Espik entzun eta jarraitu behar
dituzten pausoak zeintzuk diren zehazten dizkiete, baina hasieratik argi
uzten diete salaketak ziurrenik artxibatuta bukatuko duela.
Froga falta da horren arrazoi nagusia, baina gutxi batzuk badaudela
esan dute. Hala, irregulartasunak ikusi dituztela salatu dute, eta kasu
askotan mediku txostenak ez datozela bat erregistro zibilean biltzen
denarekin. “Erregistro zibilean umea hilda dagoela azaldu izan da, eta
data horretatik aurrera umeen datuak dituzten aktak agertu dira”.
Diazen arabera, artxibatzerakoan ere askotan aintzat hartzen duten froga
bakarra hileta ziurtagiria izaten da, “baina ziurtagiri hori faltsua
izan daiteke. Zergatik ematen zaio horrenbesteko garrantzia ziurtagiri
horri hilotzik ez badago?”. Haatik, abortuarekin lotutako txosten batzuk
ere aurkeztu dituztela esan du, haurra hilda jaio dela, baina handik 31
ordura bizirik zegoela egiaztatzen dutenak. “Horiek ez badira frogak,
zer nahi dute?”.
Ustezko adopzio horien azkartasuna ere zalantzan jarri du Espik:
“Sinetsi behar dugu ama horiek bederatzi hilabeteko haurdunaldia
pasatzen dutela, eta bitartean adopzioan pentsatu badute, ez direla
inongo bitartekarirekin harremanetan jarriko (diputazioa kasu)? Eta
erditzen dutenean erabakitzen al dute ume hori adopzioan ematea?”.
Zentzu horretan, haur lapurtuen auzia ikertzea da euren eskaera bakarra.
Hainbat batzorde sortu dira, Eusko Jaurlaritzakoa kasu, baina
Losa-Ocariz familiaren hilobia atera zutenean soilik jarri zirela
elkartearekin harremanetan esan du Diazek, eta hor bukatu zela dena:
“Argazkia atera zuten, eta hemen jarraitzen dugu guk lanean, lehenengo
egunean bezala”.
Gipuzkoako Foru Aldundia ere kritikatu dute Aranzadiri ikerketa bat
egiteko eskatzearen haritik. Hala ere, aldundia bitartekari gisa eduki
duten adopzioak gutxi izan zirela azaldu du elkarteak, eta “adopzio
partikularrak” ikertu behar direla adierazi du. “Aldundiaren bidez
egindakoak legalagoak izan ziren, eta espedienteren bat egon daiteke,
baina adopzio partikularretan gurasoen izenak ezezagunak izaten dira,
eta mediku eta mojek bakarrik jakin zezaketen. Nork ikertuko du hori?”,
galdetu du.
Francisco Etxeberriak esandakoarekin beste auzi medikuek ez dutela bat egin esan du
Azken hilabeteetan ere ez dute hilobirik ireki Hego Euskal Herrian.
Orain arte sei ireki dituzte bide ofizialetik, eta hirutan ez dute giza
arrastorik topatu. “Ez dituzte hilobi asko irekitzen, guri gustatuko
litzaiguke gehiago irekitzea, eta behingoz jakin zer gertatu den”,
azaldu du Diazek. Gaineratu du ama gehienak gorpua hor egoteko
desiratzen egoten direla. “Horrela badakite ez dutela gehiago bilatzen
ibili beharko”.
Bide berriak
Erakundeek ikertzeko “gogo falta” dutela iritzita, bide berrietara
jotzea erabaki du Euskadiko SOS Haur Lapurtuak-ek. Batetik, frankismo
garaiko genozidioa auzitara eramango duten bi abokatu argentinarrengana
jo du elkarteak, eta ustezko haur lapurtuen kasuak ere eransteko eskatu
die.
Horrez gain, asteartean, Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Justizia
ministroarekin bilera bat egingo dute Madrilen, eta bertan,
artxibatutako salaketa guztiak berriro irekitzeko eskatuko diote.
Azkenik, ustez lapurtutako haurren errolda bat egiten ari dira
Genevara eramateko. Azken xedea, Estrasburgora heltzea dela esan du
Diazek, “giza eskubideak direlako urratu direnak”.
Diazen arabera, erroldarena Espainiaren araudi batetik dator.
“Espainiak berretsi zuen hitzarmen bat pertsona bat desagertuko balitz
edo desagertu den susmoa egongo balitz protokolo bat martxan jarri
beharko litzatekeela”. Haatik, Soledad Becerril Espainiako Herriaren
Defendatzaileak salaketarik ez zaiola iritsi esan duela eta, Araba,
Bizkaia eta Gipuzkoan biltzen dituzten salaketa guztiak bidaliko
dizkiote.
Ekimen horrekin bat egin dute Espainiako Estatuko elkarteek ere.
Salaketen bilketa baliatuz, errolda hori giza eskubideen Nazio Batuen
Elkarteko bulegora eramango dute. Diazen arabera, “ahalik eta lasterren”
egin nahi dute hori, “horregatik jendeari eskatzen diogu tramite hori
egiteko”. Horretarako, elkartearekin harremanetan jarri behar da.
Salaketa, artxibatuta
Alaba eta semea lapurtu zieten susmoarekin salaketa jarri dute Vieira eta Uriak, baina artxibatu dute
Antonio Vieira eta Karmele Uria errenteriarrei kasua artxibatu diete
Salaketak artxibatuta bukatu du Antonio Manuel Vieira eta Karmele
Uria errenteriarren kasuan. Urte bukaeran jaso zuten biek jakinarazpena,
eta urteetan susmoa gainean eraman ostean, alaba eta semea aurkitzeko
itxaropena sortzearekin batera, berriro ateak itxi zitzaizkiela sentitu
dute.
Duela bi hilabete jakin zuen Vieirak bere alabaren kasua artxibatu
zutela. Ez du etsi eta orain errekurtsoa jarri du, eta DNA probak ere
egin dituztela jakinarazi du alaba aurkitzeko esperantzarekin.
1981an jaio zen, medikuen esanetan, hilda. Vieiraren arabera, ez
zioten gorpua erakutsi, eta umearengatik galdezka ibili zen ospitalean,
baina ez zioten erantzunik eman. Handik Donostiako hilerrira jo zuen,
“baina hor ez zen sartu, ez dago bere arrastorik”.
Ustezko ume lapurtuen kasuak hasi zirenean, SOS Haur Lapurtuak
elkartearekin harremanetan jarri zen Vieira, eta duela urtebete inguru
jarri zuen salaketa. «Orain, kasua artxibatu arren, borrokan»
jarraitzeko asmoa duela adierazi du.
Hilabete aurretik jaso zuen abisu bera Uriak. Bere semea 1975eko
abuztuaren 14an jaio zen Donostia ospitalean. Erditzea aurreratu behar
izan zioten, baina semea ondo jaio zen. Uriaren arabera, ama eta semea
ondo zeudela bildu zuten txosten horretan. Senarrari, ordea,
erresidentziara eramango zutela esan zioten, proba batzuk egitera.
“Abuztuaren 14ko 19:00etan izan zen, eta hurrengo egunean nire senarrari
deitu zioten esateko umea hil zela”.
Beti geratu izan zitzaion haurra lapurtu zioten susmoa, eta duela bi
urte Antonio Barrosoren kasua agertu zenean, salatzea erabaki zuten.
Orain, alabaren kasua artxibatu arren, borrokan jarraitzeko asmoa dut”
Erregistroan ez zuten ezer aurkitu, eta hil zen orduan bezalako
irregulartasunak ere topatu zituzten. Susmorik handiena, ordea,
erresidentziatik lortu zuten agiri bat izan zen. Bertan umearen datuak
hilaren 17ra arte daude bilduta (tenperatura, pultsazioak…) nahiz eta,
medikuek hilaren 15ean hil zela esan zioten: “Hiru egunez kontrolatzen
aritu baziren, nola da posible hilaren 15ean hiltzea, bi egun
aurretik?”.
Froga horiek aurkeztu arren, azaroan jakin zuen kasua artxibatu
ziotela. Oraingoz, ez du errekurtsorik jarri, baina borrokan jarraitzeko
asmoa agertu du Uriak. Bitartean, DNA probak egiten ari direla azaldu
du. Dagoeneko, hiru egin dituzte, toki gehiagotan egonda, semea errazago
aurkituko duten itxaropenarekin.
Hala eta guztiz ere, beste aldeak eman behar duela pausoa gogorarazi
du Uriak, eta hori gogorra izaten dela. Gainera, askotan ezjakintasuna
egon daitekeela atzean iritzi dio: “Litekeena da berari eman dizkioten
paperak aldatuta egotea, nahiz eta beraiek uste dena legalki egin dela”.
Semea hiru egunez kontrolatzen arituta, nola da posible bi egun aurretik hiltzea?”
Zentzu horretan, adopzio partikularrak egin dituztenen kasuan DNA
probak egitera anima daitezela eskatu diete bai familiek baita Euskadiko
SOS Haur Lapurtuak elkartetik. Proba hori 60 eurorengatik egin daiteke,
eta elkartean bertan emango diete informazio guztia.
Kontuan hartzeko eskatu die Flor Diaz Euskadiko SOS Haur Lapurtuak
elkarteko presidenteak, familiek bakarrik haurrak hilda ez daudela
entzun nahi dutela: “DNA utzi eta euren aldetik zerbait jartzea eskatzen
diegu. Familiarengandik ez badute ezer jakin nahi ere, jakin dezatela
ez daudela behartuak ezagutzera, amak bilaketa utzi eta deskantsatzeko
egin dezatela”.
57
Salaketa. Euskadiko SOS Haur Lapurtuak elkartean,
Oarsoaldean eta Bidasoan haurra lapurtu dieten susmoa duten 57 familiren
salaketak jaso dituzte: Hendaiatik lau, Hondarribitik beste lau,
Irundik 22, Lezotik hiru, Errenteria-Oreretatik hemezortzi, eta
Oiartzundik sei.
Elkarretaratzea hilean behin egiten dute Donostian
Hilabeteko lehenengo larunbatean elkarretaratzea egiten du Euskadiko
SOS Haur Lapurtuak elkarteak Donostian. Artzain Onaren katedralaren
aurrean elkartzen dira, eta hortik udaletxerainoko bidea egiten dute.
Hurrengoa, beraz, hurrengo larunbatean, martxoaren 2an izango da,
17:00etan.
@sarean
Gipuzkoako SOS Haur Lapurtuak ere sarean dago:
sosbebesrobadosgipuzkoa.org.
Bertan aurki daitezke zenbait argibide susmoren bat edukiz gero zein
pauso eman diren, baita zenbait informazio ere. Horrez gain, elkarteren
beraren informazioa ere eskura daiteke.
87
Kasu artxibatuta. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 195
auzietatik 87 artxibatu dituzte azarora arte. Juan Calparsoro EAEko
fiskal nagusiaren arabera, ez dute frogarik aurkitu haurrak lapurtu
zituztela adierazten dutenik. Ukatu egin du umeak osteko sare
antolaturik dagoenik.
Susmoak edukiz gero zein pauso eman behar dira?
Familia batek haurra lapurtu dien susmoa badu, sei pausu eman behar
direla aurreikusi du SOS Haur Lapurtuak elkarteak: erregistro zibilera
jo, umea jaiotako ospitalean historia klinikoa eskatzea, hilerrian
lurperatutako ziurtagiria eskatzea, salaketa jartzea, DNA probak egitea
eta hilobia irekitzea.
Haurren lapurreten frogarik ez du ikusi Etxeberriak
Francisco Etxeberria auzitegi medikuak ezinezkotzat jo du umerik
lapurtzea erietxeetan, eta gorpuak berez desagertu ahal izan direla esan
du, denboraren poderioz. Ospitaletako arduradunek ere umeak lapurtzea
“erabat ezinezkoa” zela esan dute eta erabateko sinesgarritasuna eman
diete mediku txostenei.
2
Telefono zenbaki. Euskadiko SOS Haur Lapurtuak
elkartearekin harremanetan jartzeko 943 57 71 82 edo 667 53 66 74
telefono zenbakietara deitu behar da. Flor Diaz elkarteko presidenteak
edo Susana Espi Gipuzkoako ordezkariak hartuko dute deia.